XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ihaz batere ez zen hartu
Izokinak Bidasoara itzuli dira.

Goiz samar da oraindik joan den igandean Bidasoako izokinak arrantzatzeko ireki zen epeak aurtengo honetan zer eskeiniko duen aurreratzeko, baina pozik dabiltza arrantzaleak, izokinik orain arte ez hartu arren, zenbaitsuk ikusi direlako.

Orain dela hamarren bat urte hasi ziren beherakadak joan den urtean jo zuen lur, arrantzale treberenak ere ezin izan zuen eta izokin ala salmoirik hartu.

Bat ere ez zen Bidasoako uretan ikusi, eta askok esan zuen erremedio zaileko galera izango zela berriro ere izokinak Bidasoako uretan gora igotzea.

Bi ziren honetarako arrazoin: alde batetik, eta nagusiena, uren kutsadura, eta bestetik, presetan izokinei bere bidean laguntzeko egiten ziren Agogailuen egoera txarra.

Uztailaren 10ean itxiko da izokinak hartzeko ematen den epea, eta ordurarte badago ihazko susmo txarrak baztertzeko aukera, nahiz eta zaila izan 1950-tik 1960-rako urteetan hartzen ziren 200 eta 300 arrain kopurua iristea.

Askoz ere zailagoa Bidasoa hibaiaren hertzetik doan trenbidea egiten ari zenean bertako langileek antolatu zuten grebara iristeko, egunero izokina jateagatik protesta bezala egin zen greba.

Dena den, eta gauza zaila izan arren, igande bertatik daude arrantzaleak Bidasoako urei begira, ez baita gutxiago izokin kiloa lau mila pezetatan saltzen ari dela kontutan hartuz.